2. EAEko familien bilakaera. Funtsezko datu batzuk
Aurreko kapituluan aipatu dugunez –eta txostenean zehar aipatzen jarraituko dugunez–, familiei laguntzeko politika publikoek era eraginkorrean erantzun behar diete familia-eredu guztien premiei. Orobat azaldu dugun moduan, premia horiek aldatu egiten dira, familia ez dagoelako “XX. mendean agindu duen gizarte-eraldaketako prozesutik kanpo” eta “haren egiturei nahiz dagoen kulturari eragin dien aldaketa sakon eta bortitz bat” eduki duelako (Meil eta Ayuso, 2007).
Botere publikoek beraiek, neurriak planifikatzeko, dagoen gizarte-aniztasuna aintzat hartu dute, EAEn familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planak adierazten duen moduan. Plan horrek onartzen du familia etengabe aldatzen ari den erakunde bat dela. “Errealitate kulturalek gizarteak aldatzen dituzte eta beraiekin bat, familien formak eta funtzioak. Hitz batez, azken hamarkadotan gertatu diren gizarte– eta ekonomia-aldaketa ugariek Euskadiko gizarte-errealitatea osatzen duten familia-ereduen dibertsifikazioa ekarri dute” (Eusko Jaurlaritza, 2011a).
Hala ere, zeintzuk dira EAEko familia-tipologia nagusiak? Nola aldatu dira urteak joan ahala? Zein tamainatakoak dira? Zein da gure gizartean daukaten benetako pisua? Hasierako diagnostiko-galdera horiei erantzuna emateko, ezinbestekoa da, lehen aurreratu denez, estatistikaren zeregina. Bestalde, datuek elkarrekin erkatzeko modukoak izan eta iturri eguneratuetatik etorri behar dute, baina hori –azterketan zehar ikusiko dugunez– ez da beti gertatzen.
EAEko familia-eredu nagusiak.
Eredu tradizionalek iraun egiten dute, baina aldatzeko joera daukate
EAEko 2.100.000 biztanle baino pixka bat gehiago 787.000 familiatan baino apur bat gehiagotan antolatzen dira. Familiok hiru taldetan banatzen dira nagusiki. Lehenik, seme-alabak dituen bikote batez osatutako familiak dira ugarienak EAEn; mota horretako 300.000 familia inguru daude (%38). Bigarrenik eta hirugarrenik, ia-ia pisu berarekin (%21 inguru), pertsona bakar batez eta seme-alabarik gabeko bikoteez osaturiko familiak nabarmentzen dira. Gainerako familiek (guraso bakarrekoak, konposatuak, handituak, etab.) %10 baino ehuneko txikiagoak dituzte.
(2. grafikoa) . EAEko familiak, motaren arabera
Iturria: guk eginikoa, EUSTAT (2006) oinarri hartuta.
Datu horiek baieztatzen dute familia tradizionalak (alegia, seme-alabak dituen bikote batez osatutakoa) familia-harremanetarako lehentasunezko eredua izaten jarraitzen duela, baina bakarrik bizi diren pertsonek eta seme-alabarik ez dauzkaten familiek gizartean duten pisua gero eta nabarmenagoa da.
Beti gertatu izan al da horrela? EUSTATek1 azken bi hamarkadei buruz eskaini dizkigun datuen arabera, aldaketa batzuk aldatzeko joeratzat jo litezke. Izan ere, seme-alabak dituzten familia nuklearrek eredu ohikoena izaten jarraitu duten arren, antzeman da urteak joan ahala haien kopurua arinki jaitsi dela. Aitzitik, bakarrik bizi eta kide bakarreko familia bat osatzea erabakitzen duten pertsonak zein ondoregorik ez daukaten bikoteez osatutako familiak nabarmen handitu dira.
(3. grafikoa) . EAEko familia kopurua, motaren eta aldiaren arabera (1991-2006)
Iturria: guk eginikoa, Marcos, J. (2006) oinarri hartuta. EUSTAT.
Familia-eredu berrien gizarte-onarpena. Mailaka normalizatzen ari den egoera
Antolaketa-eredu nuklearraren pisu berezia (guztiaren %59, seme-alabekin eta seme-alabarik gabe bizitzeko aukerak barne hartzen baditugu) kontuan hartuta, egokia da –sentsibilizatzeko edo espezifikoki babesteko politika publikoen diseinuari eta antolaketari lotuta egon daitekeelako– geure buruari familia-eredu berri batez galdetzea, alegia, bikote homoparentalez (orain dela gutxi arautu dituzte).
Zehazki, familia-eredu horren arauketa, dagokion eskubide-berdinketarekin batera, azken urteotan familien eta familia-politiken arloan egon diren gizarte-aldaketa nagusietako bat izan da. Beraz, bidezkoa da hausnarketa tarte labur bat sortzen diren zenbait galderari erantzuteko erabiltzea, honakoak adibidez: nola ikusten dira familia-eredu berri horiek? edo zein izan behar da familiei laguntzeko politika publikoen zeregina haien kasuan, zereginen bat eduki behar badute?
Oro har, eta familia-eredu berri horiek gizarte-estigmarik ez badaukate ere (Europako beste errealitate batzuen aldean), ezin da esan gizartean erabat onartuta daudenik; aitzitik, gizarte-normalizazioko egoera edo prozesu batean daudela esan liteke.
Zehatz-mehatz, txostenean parte hartu zuen hirugarren sektoreak argi eta garbi adierazi zuen batzuetan politika publikoak (eta zehazki legegintza) gizarte-errealitatearen aurretik joan direla eta normalizatzen laguntzeko funtsezko lan bat egin dutela.
“Homosexualen arteko ezkontzen arauketaren inguruko kontzientzia soziala legeak sortu dituen aukeren atzetik dago”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Zehazki, eta EAEn (eta eskuarki estatuan) familia homoparentalak onartzeko eta normalizatzeko arazo handirik egon ez den arren2, gizarte-sentsibilizazioa eta aniztasunaren babesa, hurrengo kapituluetan ikusiko dugunez, familiei laguntzeko politiken esparruan lehentasuna duten ekintza-arloetako bat da.
Bestalde, datuek normalizaziorako eta gizarte-onarpenerako joera etengabe hori bermatzen dute. Horrela, hainbat adierazlek familia homoparentalen onarpen-maila hazten ari dela diote. Esate baterako, homosexualen arteko ezkontza baimendu zuen lege-aldaketa egin zenean, Espainiako biztanleen %66,2 alde zeuden; lau urte geroago, aldiz, 2008ko CIS gazteen barometroak3 adierazi zuen Espainiako gazteen %76,4 homosexualek eta heterosexualek ezkontzarako sarbidea baldintza beretan edukitzearen alde agertu zirela.
Zehazki Euskadiko gizarteari dagokionez, familia-eredu berriak orobat normalizaziorantz aurrera egiten ari dira, bereziki gazteenen artean. Aurreko txosten batzuetan, adibidez Adingabekoei balioak transmititzea delakoan (Ararteko, 2009) mailakako onarpen bat sumatu zen. Azterketa horretan egindako galdeketa batek erakutsi zuen gayez edo lesbianez osatutako familiak onartuagoak daudela ikasleen adinak aurrera egin ahala; horrela, Lehen Hezkuntzako bigarren ziklotik DBHra igarotzean beste familia-mota bat dela uste zuten ikasleen ehunekoa bikoiztu egin zen.
Joera hori Arartekoaren Nerabeen Kontseiluaren bilkuran berretsi zen. Izan ere, bilkura horretan, parte hartu zutenek berez eta marrazki eta irudien bidez (ikusi 3. eranskina) zenbait familia-eredu iradoki zituzten: aitaz, amaz eta bi seme-alabez osaturiko familia; familia homoparentala; guraso bakarreko familia (bananduta, dibortziatuta edo alargun izateagatik, baina baita norberak hala erabakitzeagatik ere); familia zabala, aitona-amonekin; eta familia berreratua.
Familiaren batez besteko tamainaren bilakaera. EAEko biztanleen zahartze jarraitua eta sistemaren mantentzean duen eragina
Eta eredu-mota bakoitzaren tamainari dagokionez, zein da bilakaera? Ba al dago desberdintasunik familia-eredu motaren arabera? Familiaren tamaina handitu edo txikitu egiten da?
EAEn kide gehien dituzten familiak, logikoa denez, batez beste bost kide baino gehiago dituzten familia-nukleo biz edo gehiagoz osaturiko familia konposatuak dira. Bestalde, familia handituek lau pertsona izaten dituzte.
Hala ere, beharbada daturik azpimarragarriena da seme-alabak dauzkaten familia nuklearren batez besteko tamaina 3,5 pertsonakoa dela. Datu horrek argi eta garbi erakusten du gizarte-aldaketarako faktoreetako bat (aurrerago garatuko dira), alegia, EAEko jaiotza-tasa baxua, zeren eta seme-alabak dauzkan familia nuklearraren batez besteko tamaina ez baita lau kidetara ere iristen. Izan ere, familia-unitatearen batez besteko tamaina 1981ean 3,69 kidekoa zen, eta 2001, berriz, 2,76; familia-tipologia guztietan unitatearen tamaina murriztu egin zen (kide bakarreko familiena izan ezik, noski).
(4. grafikoa) . Familia-unitatearen batez besteko tamainaren bilakaera, familia-motaren arabera
Iturria: guk eginikoa, Marcos, J. (2006) oinarri hartuta. EUSTAT.
Familien tamainaren etengabeko murrizketa funtsezko datu bat da, ongizatearen eredua etorkizunean iraunarazteko bereziki garrantzitsua izango delako eta politika publikoak –jaiotzaren aldeko joera handiagoa edo txikiagoa edukita ere– elementu horren gainean eragiten saiatzen direlako.
Lehen ikusi dugun moduan seme-alabak dituzten gero eta familia gutxiago badaude eta horiek gero eta ondorengo gutxiago badauzkate, ondorioa argia da: Euskadiko gizartea biztanleriaren zahartze-prozesu batean murgilduta dago, jaiotza-tasa –munduko baxuenetariko bat– jaisten ari delako eta bizi-itxaropena –munduko altuenetariko bat– igotzen ari delako.
Jaiotza-tasei dagokienez, EAEko tasan gaur egun 9,7 jaiotza daude 1.000 biztanleko; beraz, EBko baxuenetariko bat da eta oso herrialde gutxi gainditzen ditu, hala nola Italia (9,3) eta Alemania (8,3)4. Dena den, pixka bat igo da gure gizartean etorkinak sartu direlako, batez ere gazteak direnak eta jaiotza-tasa handiagoak dituztenak5.
(5. grafikoa) . EAEko eta EB27ko jaiotza tasaren bilakaera ‰-tan
Iturria:
guk eginikoa, Eusko Jaurlaritza (2012b) eta EUROSTAT (2013a) oinarri hartuta.
Nolanahi ere, eta hazkunde arin hori gorabehera, jaiotza-tasa baxua denboran iraungo duen egoera bat izango da. Izan ere, duela gutxi egindako azterketa baten arabera6, 18 eta 29 urte bitartean dituzten euskal gazteen %44k eta 30 eta 45 urte bitartean dituztenen %79k ez dute ondorengorik edukitzeko asmorik. Gainera, galdeketan parte hartu duten pertsonen %66k adierazi dute seme-alabak edukitzeak lanbide-karrera asko zailtzen duela, batez ere emakumeen kasuan. Elementu horiek garrantzi nabarmena daukate etorkizuneko familia-politiken plangintzan.
Seme-alaba kopuru idealaren eta errealaren artean dagoen distantzia (bereziki ikasketa-maila altuagoa daukaten emakumeengan) azaltzen duten diagnostiko-datuetariko bat da hori, Esping-Andersenek (2013) jaso duen bezala. Horrela, Espainian aurreikusitako seme-alaba kopurua Europako txikienetako bigarrena da (1,9), eta kopuru erreala, aldiz, 1,36 da. Diferentzia hori Europako handiena da, eta familiaren aldeko erregimenak dituzten herrialdeen berezko ezaugarri bat da. Izan ere, Livi-Baccik (2001) azaltzen duenez, “badirudi familiaren alde dauden herrialdeak sindrome batean erori direla, zeinetan familia gehiegi egotea jaiotzarako kaltegarria den”. Hau da, familiari eginkizun gehiegi esleitzen dizkioten herrialdeek jaiotza-tasa txikiagoak dituzte familiek esparru publikotik laguntza handiagoak jasotzen dituzten ereduen aldean.
Horrela, estatuko profilaren ezaugarria ez da seme-alabarik ez dagoela, baizik eta familietan funtsean ondorengo bat edukitzen dela. Horren ondorioz, McDonalden (2002) arabera, konpentsatzen duen beste faktorerik –esaterako, immigrazioa (Espainian eragin handia baitauka) edo lagunduriko giza ugalketako tekniken garapen etengabea– ez balego, 100 urtetan biztanleria gaur egungoaren %25 izateraino murriztuko litzateke.
Jaiotza-tasa baxu horrekin bat etorriz, EAEko bizi-itxaropena igo denez, biztanleriaren zahartzea Europako estatu guztiek eta bereziki EAEk aurre egin behar dioten erronka demografikoetako bat da, eta familiei laguntzeko politiketarako desafio berriak sortzen ari dira.
Izan ere, 2007an EAEko zaharren ehunekoa biztanleria osoaren %18,4 zen: estatu osoko %16,6 baino ia bi puntu handiagoa eta Europan urte horretarako erregistratutakoa, %17, baino pixka bat altuagoa.
(6. grafikoa) . EAEko biztanleriaren bilakaera.
0-19 urteko eta 65 urte baino gehiagoko taldeak
Iturria: guk eginikoa, Marcos, J. (2006) oinarri hartuta. EUSTAT.
Aurreko grafikoak biztanleriaren zahartzearen eta jaiotza-tasa baxuaren arazoa oso era argian adierazten du, eta joera-aldaketa zeharo erakusten du. 1990ean, ia-ia Euskadiko biztanleriaren erdiak 20 urte baino gutxiago zeuzkan (65 urte baino gehiagoko biztanleak %5 baino gutxiago ziren, eta gainera bizi-itxaropena baxuagoa zen). 2006an, ordea, 65 urte baino gehiagoko biztanleen ehunekoak lehenengo aldiz 20 urte beherako biztanleen ehunekoa gainditu zuen. Horrek agerian jartzen du belaunaldi-ordezpenaren arazo larria, baita horrek ongizate-sistema gaur egun diseinatuta dagoen bezala iraunarazteko dakarren mehatxua ere.
EUROSTATek7 erakutsi digu biztanleriaren zahartze hori Europan eragina daukaten lau joeraren emaitza dela: jaiotza-tasa baxu bat, 45 urte baino gehiagoko biztanleriaren ehunekoaren hazkundea (baby boom delakotik baitator), bizi-itxaropenaren handitze etengabea eta etorkinen biztanleriaren hazkundea (nolanahi ere, ez da nahikoa kontinentea gaztetzeko).
EUSTATek8 egin dituen proiekzioetan, zehazki EAEk 2020rako izango duen zahartzeari lotuta, aurreikusi da 65 urte gorako biztanleriak hazten jarraituko duela eta milioi erdi zahar baino gehiago egongo direla. 65 eta 74 urte bitartean dauzkaten biztanleak %22 izango dira, eta 75 eta 84 urte bitartean dauzkatenak, berriz, %10. Bestalde, 85 eta 94 urte bitartean dituzten biztanleak bikoiztu egingo dira, eta 95 urte gorakoak %155 haziko dira. Zenbaki absolutuetan, 90 urte eta gehiagoko 15.000 biztanle zeuden 2006an, eta kopuru hori 36.000 baino altuagoa izango da 2020an.
1Marcos, J. (2006). EUSTAT.
2CIS (2004).
3CIS (2008).
4EUSTAT (2011a).
5Gazteen Euskal Behatokia (2011).
6Eusko Jaurlaritza (2012b).